Booktrailerrak
Zer da?

Booktrailerra liburu bat iragartzeko sortutako bideo muntaia da, filmen trailerrak egiteko erabiltzen diren narrazio teknika berdintsuak erabiliz egin ohi da. Bideo digitalen formatu ohikoenekin sortu eta telebistaz nahiz Internet bidez hedatzen da.
Liburuak iragartzeko ez ezik, irakurzaleak eta zale ez direnak liburuak irakurtzera motibatzeko ere balio du booktrailerrak.
Lehenengo booktrailerra 2003an iragarri zen Shreveport-eko (Lousiana, AEB) liburuen biltzar batean. Christine Feehan-en Dark Symphony izan zen.
Modu askotako booktrailerrak daude: erabat antzeztuak, bideo animazioak, musikaz, testuz nahiz ahotsez lagundutako argazki muntaiak eta abar. Gehienetan booktrailerrek liburuan agertzen den materiala erakutsi ohi dute, baina ezinbestean trailer itxura izan behar dute.
Booktrailerrak bideoak partekatzen diren sareko web gune gehienetan aurki daitezke. Baita zenbait web gune espezializatutan ere: vabbler.com, booktrailercentral.co, eta bookscreening.com.
Booktrailerrak sortzeko osagaiak:
- Liburua
- Irudiak (bideoa / argazkiak)
- Testua
- Ahotsa
- Musika
10 gomendio
1. Booktrailerra liburua sustatzeko bide bat da, ez da liburua bera eta ez du liburua baino askoz zirraragarriagoa izan behar. Bestela liburuak indarra galduko luke.
2. Ez ahaztu irakurlearentzat erakargarriak izan daitezkeen liburuaren ezaugarri edo pasarte nabarmenenak aipatzea.
3. Ez kontatu gehiegi liburuan irakur dezakeguna. Iradokitzailea izan behar du eta liburua irakurtzeko gogoa piztu behar du, irakurle potentziala liburuaz gehiago jakiteko gogoarekin utzi behar da. Suspense puntu bat eranstean dago gakoa.
4. Liburuaren datu garrantzitsuenak sartu behar dira: titulua, egilea eta argitaletxea. Bestela, irakurle potentzialak ez du jakingo liburua non eta nola eskuratu.
5. Genero desberdinetako liburuak sustatzeko erabil daiteke booktrailerra: nobela, komiki liburua, poesia eta abar.
6. Laburra izan behar du. Minutu bateko booktrailerra nahikoa da. Gehienez ere 2 minutukoa izan daiteke. Irakurleak ez du liburu-dendan edo liburutegian liburu hori begiratzen pasako lukeen denbora baino gehiago eman behar trailerra ikusten. Luzeegia eginez gero, ikuslea aspertu eta ez dugu erakartzerik lortuko.
7. Emaitza erakargarria, gustagarria, lortu behar da. Saiatu liburuaren argumentuarekin zerikusia duten irudiak eta doinua (egile eskubiderik gabea) aurkitzen.
8. Musika ez dadila oso ezaguna izan eta ez dezala letra ezagunik eduki, bestela booktrailerrak kontatzen duena azpian gera daiteke.
9. Testuaren zatiak irakurtzen azaltzea asko erabili den baliabidea da eta oso ikusia dago. Ez da oso erakargarria gertatzen, ez da batere dinamikoa eta iradokitzailea. Egitekotan, hobe da beste moduko sekuentzia batzuen artean sartzea.
10. Booktrailerra egin eta Internetera igotzea ez da nahikoa. Benetan jendeak liburu hori irakurtzea nahi baduzu, sare sozialen bidez zabaldu, blogean komentatu, lagunekin partekatu…

