Azalpena:
Galtzagorri Elkartea sortu zenetik, Haur eta Gazte Literaturaren inguruan lanean dabiltzan hainbat profesionalek aholkularitza gune gisa erabili dute. Sarri, bibliotekari, irakasle, ikerlari eta hezitzaileek Galtzagorrira jotzen dute euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren alorrean dituzten zalantzak argitze aldera. Urte guzti hauetan behar horri erantzuten saiatu da Galtzagorri, beti ere, elkartekide direnen borondate ona bidelagun hartuta.
Historia laburra
2005ean, eskari eta galderen gorakada ikusirik, Euskal Haur eta Gazte Literaturako Irakurketa Mintegia osatu zen. 2005eko urtarrilaren 9an elkartu zen lehen aldiz, urteetako hausnarketa lan bati erantzunez. 2006an Euskal Haur eta Gazte Literaturako Jarraipen Taldeak ezinbesteko lan horri jarraipena eta sendotasuna eman zion.
2007an berriz, Irakurketa Mintegi honek pauso bat gehiago eman zuen: Haur eta Gazte Literaturan urtero argitaratutako liburuak irakurtzeaz gain, formazioa eskaintzera igaro zelako. Horrela, egitarau zehatz baten bidez, Jarraipen Taldea indartu eta zabaldu nahi izan genuen, hain zuzen aipatutako behar horiei erantzunez.
Horretarako, Itziar Zubizarreta idazle, irakasle eta ipuin kontalariak egitaraua prestatu eta koordinatu zuen 2007an lehenengo aldiz. Ordutik urtero bildu da Galtzagorriko Literatura Mintegia. Urtez urte, euskaraz haurrentzat argitaratzen diren liburu guztiak irakurtzeaz gain, formazio programa ezberdinak landu dira ikasturtero. Haur Liburuak baloratzeko irizpideak, literatura genero ezberdinen ezagutza, liburuen dinamizazioa, hauen aurkezpenak...
Literatura Mintegia egitasmo estrategikoa da Galtzagorrirentzat. Izan ere, bertan egindako irakurketa eta liburuen hautaketatik elikatzen baitira gero Galtzagorriko hainbat egitasmo. Duen garrantziaren jakitun, egitasmo hau indartzen saiatu da Galtzagorri azken urteetan. Horretarako, Itziar Zubizarretaz gain, 2009-2010. ikasturtean Mikel Ayerbe literatura kritikaria aritu zen koordinatzaile lanetan. Egun hiru gidari ditu Mintegiak: Itziar Zubizarreta bera eta Jone Arroitajauregi bibliotekaria eta Imanol Mercero literatura kritikari eta dinamizatzailea. Horrez gain, egun saioak Donostiako Haur Liburutegian burutzen dira. Guztia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.
Gaur egun Galtzagorriko kide talde bat biltzen da hilero larunbat goiz batez. Besteak beste, bibliotekariak, irakasleak eta dinamizatzaileak biltzen dira: literatur zaletuak izateaz gain, beraien lanetan argitaratutako azken liburuen irakurketa eta azterketaren beharra dutenak, hain zuzen. Izan ere, beraien jardunean sarri hauei buruzko informazioa falta zaie ekintzak burutu edo prestatzeko garaian.
Prozedura
Urtero bezala, Literatura Mintegiak hamar saio izango ditu guztira 2011-2012. ikasturtean zehar. 2011ko irailaren 17an egingo da lehenengo saioa. Hurrengoak: urriaren 15ean, azaroaren 12an, abenduaren 10ean, 2012ko urtarrilaren 14an, otsailaren 11n, martxoaren 17an, apirilaren 21ean, maiatzaren 19an eta eikanaren 9an. Hiru orduko saioak dira goizez, eta bertan, 2 eta 11 urte bitarteko haurrentzat euskaraz argitaratutako guztia irakurtzeaz gain, liburuen balorazio irizpideetan eta aurkezpenetan formatzen dira partaideak.
Saioaren zati bat hemen duzue ikusgai:
Metodologia
Saio bakoitza hirutan banatzen da:
-10:00-10:30etara, hurrengo saiorako irakurri beharreko liburuen banaketa eta banaketa horren errejistroa egiten da. Aurretik irakurri beharreko liburuak jasotzen dira baita ere.
-10:30-12:15etara, Liburuen aurkezpenak egiten dira lehenengo. Saio bakoitzerako mintegiko kideek egin behar izaten dituzten irakurketen aurkezpen objektiboak egiten dira lehenengo. Ondoren, Liburu hauen balorazioak egiten dira. Modu honetan, liburu gomendagarriak aukeratzen joaten dira mintegi kideak.
-12:15-13:00etara, formazioa eskaintzen da. Liburuen balorazio irizpideak lantzen dira, irakurketa bat egin ondoren liburu bat nola aztertu jorratzen da, liburutegien dinamizaziorako hainbat proposamen azaltzen dira, ipuinen kontaketarako zenbait aholku eman...
Helburuak
a) Galtzagorrik dituen hainbat eginkizunei aurre egiteko prestatzea: Liburu Gaztea, Liburuen Altxorra, Behinola aldizkariko erreseinak eta web gunea modu egokian prestatzeko baliatzen dugu urteroko mintegia; hainbat lehiaketetarako zerrendak eta hautagaiak prestatzen laguntzeko balio digu; aholkularitza deiei behar bezala erantzuteko prestatzeko ere baliatzen dugu; azkenik, EHGLaren esparruan dauden beharrei buruz hausnarketa egiteko baliagarri izango zaigu, egitarauan esparru honetako alderdi ezberdinetan lan egiten duten profesionalak biltzen baitira.
b) EHGLaren esparruan lanean dabiltzan profesional ezberdinak harremanetan jartzeko balio du. Sortzaileak batetik, ikerlariak bestetik eta bitartekariak azkenik.
Dokumentu osagarriak
Hona hemen, azken bi urteetan Literatura Mintegiak egindako lanaren ondorioz, Galtzagorrik prestatu dituen 2008ko, 2009ko eta 2010eko "liburu gomendagarrien" zerrenda.
Beste liburu gida batzuk
Atal honetan aurkituko dituzue hainbat erakundek egiten dituzten liburu gidak. Liburutegiek, Fundazioek, erakundeek, aldizkariek... denetik biltzen saiatu gara. Batzuetan Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako liburuak daude soilik; beste batzuetan, gaztelaniazkoak, katalanak, gailegoak eta euskarazkoak. Haur eta Gazte Literaturako bitartekariei lagungarri gertatuko zaizkizuelakoan zintzilikatuko ditugu hemen.
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
| Consejo general del Libro | OEPLI | CIVICAN. Urteko gidak | CIVICAN. Gaiak |
![]() |
![]() |
| CLIJ. Lista de honor | Ekologia. Ermuko Udal Liburutegia |
![]() |
![]() |
![]() |
| Consorci d'Educació de Barcelona | Servei de Documentacio de LIJ | Generalitat de Catalunya |
![]() |
|
Tu Que Lees |
Koordinatzailea: Itziar Zubizarreta, Jone Arroitajauregi, Imanol Mercero.
Tokia: Donostiako Haur Liburutegia. Fermin Calbeton, 25.
Herria: Donostia
Data: hilero larunbat goiz bat
Bazkideek doan hartzen dute parte mintegi honetan. Informazio gehiago nahi duenak dei dezala telefono honetara: 943 471 487
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·