Izena: LIBURU-ALBUMAREN MUGAK
Azalpena:
Liburu ilustratuen irudien berehalakotasunak eta itxuraz duten erraztasunak hizkuntza bisualaren sakontasunaren eta konplexutasunaren ezjakintasunari bidea irekitzen diote. Liburu-album bat irakurtzeak berariazko sintaxia duen mundu batean barneratzea ahalbidetzen digu eta parametro artistiko eta kontzeptual propioak garatzea bultzatzen du. Baina, era honetako obren sorrera ez da industria editorialean nagusi den produkzio masiboaren ereduarekin bateragarria. Egoera honek album-liburuaren alde apustu egiten duten argitaletxe txiki zenbaiten sorrera eta kontsolidazioa bultzatu duen arren, garrantzitsua da jakitea argitaratzen diren liburu gehienak –bai argitaletxe txiki hauen aldetik bai talde handien aldetik ere– ez dituztela genero honen berezko ezaugarriak betetzen.
Sortzaileen belaunaldi batek album-liburuaren mugak ere zalantzan jartzen dituen bitartean, honen ezaugarriak formatu fisiko batera eta “ilustrazio ugari” dituen obra mota batera mugatzen duen ikuspuntuak jarraitzen du nagusi izaten. Anabasak eta “denak balio du” jarrerak agintzen du. Arrazoi honengatik, liburu-albumaren aukerak, esentzia eta garrantziari buruzko hausnarketa eta ikasketa gero eta beharrezkoagoa da.
Bestalde, Haurren liburuekiko interesa pizteko ezinbesteko funtzioa betetzen dute liburu-albumek. Baina, gure artean orain arte album ilustratuak ez du behar lukeen lekua. Euskal Haur eta Gazte Literaturan, gaur egun, argitaratzen diren album ilustratu gehienak itzulpenak dira. Sortu, apenas sortzen da Haur Literaturan hain funtsezkoa den genero honetan. Horregatik, album ilustratua zer den, zein diren bere ezaugarriak, zein bere hizkuntza propioa, nola irakurri eta nola argitaratzen den ikastea Euskal Haur eta Gazte Literaturaren osasunerako ezinbestekoa dela uste du Galtzagorrik. Eta horrez gain, albuma etorkizuneko irakurleak sortzeko eta mantentzeko primerako baliabidea dela jakinik, LIBURU-ALBUMAREN MUGAK izeneko Topaketak antolatu ditu Donostian azaroaren 7an eta 8an.
Helburuak
-Liburu-albuma zer den hausnartu
-Liburu-albuma nola irakurri eta sortzen den aztertu
-Liburu-albuma nola editatzen den azaldu
-Liburu-albumaren aukerak arakatu

Irakaslea / hizlaria: Gustavo Puerta Leisse irakaslea eta literatur kritikaria
Tokia: Haur Liburutegiko areto nagusian (Fermin Calbeton, 25. 3º solairua)
Herria: Donostia
Data: 2008-11-07/2008-11-08
Material osagarria
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·