Galtzagorri Elkartearen webgunea

Idazle gaztea atalera sarbidea

Ikastaroak / Topaketak

atzera

Izena: IRAKURZALETASUNA SUSTATZEKO PLAN ERAGINKORRAK NOLA DISEINATU. Zer egin behar den eta zer ez den egin behar

Azalpena:

Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartea 1990ean sortu zen. Ordutik, hainbat egitasmo jarri ditu martxan irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin. Batzuk eraginkorrak izan direla esan daiteke; beste batzuk ez hainbeste. Hasiera batean, irakurzaletasuna sustatzeko ekintzak sortzea zen helburua: sortzea eta sortzea, basamortu handia baitzegoen, euskal kulturan hainbat alorretan gertatzen den moduan. Baina badira bizpahiru urte sortzearen kezkak beste kezka bati lekua utzi ziola: hain zuzen, sistematizazioa eta formakuntza dira orain Galtzagorriri loa galarazten diotenak. Izan ere, bi hauek irakurzaletasuna sustatzeko garaian ezinbesteko zutabeak dira.

 

Urteen ondorioz pilatutako esperientziak eraman gaitu pentsatzera irakurzaletasuna ez dela sustatuko ekintza solteen bitartez. Alderantziz, epe luzerako planak egin behar direla eta ez ekintza solteak programatu. Eta epe luzerako planek sistematizazioa behar dute, hau da, metodologia bat jarraitzea bai helburuetan, bai estrategietan. Eta epe luzerako planek horietan parte hartzen duten profesionalen formazioa eskatzen dute. Edonork ezin du edozer egin, ondo egingo badu, eraginkor izango bada.

 

Honetaz guztiaz ohartu da Galtzagorri Espainiako Estatuan Haur eta Gazte Literaturaren esparruan lanean dabiltzan beste elkarteekin etengabe duen harremanaren bitartez. Izan ere, OEPLI, Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako Erakundearen baitan federatuta dago Galtzagorri, eta horrelaxe daude Galiziako, Kataluniako eta Madrileko bertako elkarteak ere.

 

Sarri gertatzen da leku batean burutzen ari den egitasmoa errepikatzen dugula beste batean, batetik besterako distantzia 400 kilometrotakoa izanda ere. Ez dakigu inguruan zer gertatzen den, ez behintzat irakurzaletasuna sustatzeari dagokionean. Badakigu irakurzaletasuna sustatu behar dela, badakigu egitasmoak sortu behar direla, baina hori guztia sistematizatzeko oso garrantzitsua izan daiteke esfortzuak ez biderkatzea, indarrak ez xahutzea: besteak egiten duenetik elikatzen jakitea, alegia.

 

Horregatik Galtzagorri aspalditik ari da lanean Estatuko beste hizkuntzetan irakurzaletasuna sustatzeko planak sortzen eta burutzen ari diren beste elkarteekin. Beraz, OEPLIk duen nazioarteko proiekzioa tarteko, Hego Amerikako hainbat erakunderekin lankidetzan aritu ahal izan dugu. OEPLI IBBY-ko Espainiako atala besterik ez da. Baina IBBYk munduan zehar ditu hainbat atal. Horrela, besteak beste, Caracaseko Banco del Librorekin eta Bogotako Fundalecturarekin harremana izateko aukera izan dugu. Eta horregatik, Claudia Rodriguez ekarri genuen gure artera prestakuntza tailer hau eskaintzera. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuaren eta Galtzagorri Elkartearen arteko elkarlanaren ondorioz antolatu zen formazio ekintza hau.

 

Helburuak

- Kolonbiako Fundalectura erakundeak burututako irakurketa programen berri izatea.

- Irakurzaletasuna sustatzeko programa eraginkor bat diseinatzeko kontuan hartu beharrekoak ikasi.

- Irakurketa programen hobekuntza eta iraupenerako erabilitako jarraipen eta ebaluaketa estrategiak ezagutu.

- Bibliotekariak, kultur sustatzaile eta bitartekariak eta irakasleak formatu, besteen esperientziatik asko ikasi ahal dutelako ondoren hemen burutzen ditugun proiektuetan aplikatu ahal izateko.

 

Irakaslea / hizlaria: Claudia Rodriguez, Fundalectura Kolonbiako Irakurzaletasuna Sustatzeko Fundazioko irakurketa programen koordinatzailea

Tokia: Euskalduna Jauregia

Herria: Bilbo

Data: 2007-5-30


Material osagarria

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·