Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

Bilaketa:

Gutxi falta da IBBYren Nazioarteko Kongresurako

Irailaren 10etik 13ra egingo da aurten IBBYren Nazioarteko Kongresua Mexikoko hiriburuan, "Que todos signifique todos. May everyone really mean everyone" lelopean. Hausnarketa eta eztabaidarako gaia Irakurketa faktore inklusibo gisa izango da.

IBBY Palestinako kideen mezua

Azken bost urteetan IBBYk Gazako (Palestina) Haur eta Gazteen bi liburutegi babestu ditu IBBY Children in Crisis Fundation sailaren bidez. IBBYk eta erakunde horretako atal guztiok uste dugu liburuen bidez elkar ulertzeko zubiak eta pertsonen arteko bakea eraiki daitezkeela, baina uneotan bidea ez da batere samurra Gazako kideentzat, izan ere, Israelgo armadaren bonbek Gazako bi liburutegiak birrindu dituzte. Hori dela eta, jasaten ari diren zapalkuntza salatzeko gutuna idatzi dute.

Lazarillo Album Ilustratua sarian parte hartzeko hilabete eta erdi falta da

Lazarillo Album Ilustratua sarian parte  hartzeko epea irailaren 30ean amaituko da. Dagoeneko, Literatur Sorkuntzaren sarian parte hartzeko epea amaitu da. Album Ilustratua sarira aurkeztu nahi dutenek datorren hilaren amaiera arteko epea dute. Bi kategoriatan 3.000 euroko sariak daude jokoan. Lanak euskaraz, gaztelaniaz, katalanez edo galegoz aurkez daizteke.

Udan ere literaturaz gozatzeko aukera

Uztailak uda betean sartu gaitu -eguraldia gora-behera-, eta liburuz betetako udaldia eskaini digu beste behin ere. Oporrak dituenarentzat eta lanean segitzen duenarentzat bidaiatzeko, eta, abentura eta emozio berriak bizitzeko aukera paregabea eskaintzen digu literaturak. Baina nondik hasi? Erantzunik ez baduzu, hemen dituzu Euskal Herriko hainbat liburutegiren aurtengo udarako proposamenak. Eta horiekin aski ez baduzu, gure web guneko Dokumentazio gunean bildu ditugun irakurketa gidak kontsultatu eta hasi gozatzen!

Maite Mutuberriak irabazi du Peru Abarka saria

Maite Mutuberria (Eltzaburu 1985) ilustratzaile nafarrak irabazi du Peru Abarka 2014 saria. Castillo Suarez idazleak irabazi zuen Peru Abarka ipuin lehiaketa "Zerua berun" ipuinarekin eta hori ilustratzea izan da irudigileen lana. Epaimahaiaren iritziz, "oso proposamen aberatsa da" Maite Mutuberriarena, ez baitu dena puntuz puntu kontatu.

Printze Txikiaren jolas-parkea zabaldu dute

Uztailaren 1ean zabaldu zuten Ungersheim-en (Frantzia), Mulhousetik 20 bat kilometrora Printze Txikiaren jolas-parkea: Le parc du Petit Prince. Antoine de Saint-Exupéry idazle frantsesaren obra ezagunean oinarritutako parkea da eta 23 hektareako eremu zabalean eskaintzen dituen atrakzio guztiek espazioa, abiazioa, ura, animaliak eta landareak dituzte ardatz. Parkea, gainera, duela 500 urte (1492an) Ensisheim meteoritoa erori zen lekuan bertan eraiki dute. Parkearen diseinuak meteorito haren inpaktua eta B612 planetaren eta bere sateliteen itxura iradokitzen du.

Jokin Mitxelena Ilustratzailearen Txokoan

Ekainaren 18tik irailaren 14ra Jokin Mitxelena ilustratzailearen lanek beteko dute Ilustratzailearen Txokoa, Donostiako Aiete Kultur Etxean. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan liburu gehien ilustratu dituen egileetako bat da Mitxelena eta lan horren isla izango da Aiete Kultur Etxeko "armairuan" ikusgai dagoena.

Kalean da Behinola 29

Dagoeneko kalean da Behinola aldizkariaren 2014ko lehena, 29. zenbakia. Orain artekoak bezala, hau ere Haur eta Gazte Literaturari buruzko eduki interesgarriz betea eta gaian aditu diren kolaboratzaile nahiz egileen ekarpenez josia. Aldizkaria etxean jasoko dute Galtzagorri Elkarteko bazkideek eta Behinola aldizkariaren harpideek. Gainerakoek liburu-dendetan izango duzue laster. Berria argitaratzearekin batera, ohi bezala, aurreko zenbakia osorik ISSU plataforman irakurtzeko aukera duzue hemen

Irakurketa sustatzeko eserlekuak

Londresen (Ingalaterra) irakurketa sustatzeko ekimen berri bat jarri dute martxan National Literary Trust eta Wild in Art erakundeek: "Books about town". Liburu irekien itxurako eserlekuak jarri dituzte hiriko hainbat lekutan. Liburu-eserleku bakoitza Erresuma Batuko idazle baten lanari buruzkoa da eta obra horri buruzko ilustrazioz hornituta dago. Guztira 50 eserleku jarri dituzte. Ondoren, uda amaieran, enkantean jarriko dira eta bildutako dirua haur eta gazteen artean irakurketa sustatzeko ekimenetara bideratuko da.

Biblioteka merkatura aterako dute Iurretan

Uztailaren 3an, osteguna, Iurretako Biblioteka merkatura gerturatuko da herritarrei Bibliotekak eskaintzen dituen zerbitzuen berri emateko. Gune berezia izango da, izan ere, informazioa jasotzeaz gain, kafetxo bat hartzeko aukera ere izango da bertan. Gainera, bibliotekako bildumaren zati bat kalera aterako dute bertan kontsultatu ahal izateko.

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·