Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

Bilaketa:

Mariasun Landaren omenezko ikastaroa Udako Ikastaroetan

Etxepare Institutuak antolatuta eta Mari Jose Olaziregik zuzenduta, "Excelence in Basque Studies V, Mariasun Landaren Omenez" izeneko ikastaroa egingo da euskaraz UPV/EHUren Udako Ikastaroetan, uztailaren 8tik 10era, Donostiako Miramar Jauregian. Izen ematea zabalik dago.

"Haur eta gazte literatura itzultzen" ikastaroa antolatu du EIZIEk

Manu Lopez Gaseni idazle eta iztultzaileak EIZIEk antolatutako "Haur eta gazte literatura itzultzen" ikastaroa emango du ekainaren 22an, 23an eta 24an Gasteizko Letren Fakultatean. Besteak beste, Haur eta Gazte Literaturaren esparruan itzulpegintzak dituen ezaugarriez jardungo du: beste generoentzat betetzen duen laborategi funtzioaz, ohiko joerez, proposamen berriez… Bai narratiba, bai poesia itzultzeko hainbat aholku, proposamen eta gida emango dira ikastaro honetan. Izen-ematea ekainaren 5ean amaituko da, egun hori barne.

Booktuber fenomenoa gazteen artean zabaltzen ari da

ImaginaLee egitasmoa jarri dute abian IBBY Mexico/A Leer eta Televisa Fundazioak elkarlanean. Youtube kanal bat sortu eta bertan herrialde horretako hainbat booktuber-ek kolaboratuko dute bakoitzak bere kanal propioan egin ohi duen moduan: irakurri berri duten liburu baten inguruko iruzkina grabatuz. Egitasmo horrekin gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea dute helburu.

Book Trailer Lehiaketarako liburu hautatuak

Liburu Gaztearen aurtengo edizioa amaitzear denez, datorren ikasturteko Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak aukeratu ditu jada Liburu Gaztea Batzordeak. 2014an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da hautatutako liburuen zerrenda mailaz maila: DBH-1(12-13 urte): Beti iparralderantz. Jon Arretxe. Erein, 2014; DBH-2 (13-14 urte): Dumitru. Koldo Izagirre. Erein, 2014; DBH-3 (14-15 urte): Neska baten hitza. Alfredo Gómez Cerdá. Itzultzailea: Aitor Arana. Ibaizabal, 2014; DBH-4 (15-16 urte): Watsondarrak. Jane Austen. Ilustratzailea: Sara Morante. Itzultzailea: Ana Isabel Morales. Denonartean, 2014.

"Guk irakurtzen dugu, eta zuk?" selfie lehiaketako irabazleak

Galtzagorri Elkarteak eta OEPLI osatzen duten beste elkarteek hautatu dituzte aurtengo Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako "Guk irakurtzen dugu, eta zuk?" selfie lehiaketako irabazleak. Lehen Irakurleak (LHko 1., 2. eta 3. maila) kategorian Tolosako Laskorain ikastolako Oier Urkiola Azurmendirentzat da saria. Irakurle Aurreratuak (LHko 4., 5. eta 6. maila) kategorian Leitzako Erleta ikastetxeko Maddi I, Maddi B. eta Ixiarrentzat. Super Irakurleak (DBHko 1. eta 2. maila) kategorian ere Erleta ikastetxera joan da saria, Ainhize Txoperena Zabaletaren selfiak irabazi du.

Azaloreak eta ILUMINATIAK taldeek irabazi dute Publikoaren Saria

Baditugu Liburu Gaztea 2014-2015 Book Trailer Lehiaketako lehen saridunak: Ikastetxeen kategorian Donostiako Zubiri-Manteo ikastetxeko DBH4ko Azaloreak taldearen lana izan da bozkatuena 32 botorekin, eta Norbanakoen kategorian Urnietako Gorka Curiel, Josu Ginez eta Lander Ciak osatutako ILUMINATIAK taldearen lana, 19 botorekin. Azaloreak taldeak 200 euroko bonoa jasoko du liburu eta diskotan gastatzeko. ILUMINATIAK taldeak, berriz, e-reader bat. Sari nagusiak norentzat izango diren maiatzeko azken astean jakingo dugu, epaimahaikideen erabakia jasotzearekin batera.

Maria Goikoak app berria Ipad eta Iphonetarako bertsioan

Maria Goikoak batbirulau! aplikazioa iOS sistema eragilean erabilgarri dago, jada. Apple Storen sartu eta bertan deskarga daiteke dohainik. Bestela, Galtzagorri Elkartearen web gunetik bertatik egin daiteke; eskuineko zutabearen goian dagoen sagartxoa klikatuta. Puzzleak, memoria-jokoak, hitz-jokoak, 7 desberdintasunak bilatzeko jokoak, abestiak, 2.5D efektuko irudiak, eta bestelako hainbat joko. Androidetarako eta iphone/ipad-etarako bertsioan eskura daiteke bakoitzari dagokion saltoki birtualean. Horrez gain, Galtzagorriren web gunera sartuta ere erabilgarri dago aplikazioa. Hori bai, Aplikazioaz gozatzeko, derrigorrezkoa izango da paperezko liburua esku artean izatea.

Batzar Orokorraren eguna atzeratu dugu

Galtzagorri Elkarteak bere bazkideei jakinarazi nahi die, apirilaren 18rako deitutako Batzar Orokorra maiatzaren 23ra atzeratu dugula. Martxoaren 20an hoditerian izan genuen arazoak sortutako eragozpenak tarteko, atzeratu beharrean suertatu gara. 

Book Trailer Lehiaketan botoa emateko azken astea

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan botoa emateko azken astea da hau. Lehiaketako kategoria bakoitzean boto gehien eskuratzen dutenek PUBLIKOAREN SARIA jasoko dute. Ikastetxeen kategorian GARZUXAK eta AZALOREAK taldeek hamaikana boto jaso dituzte orain arte eta berdinduta daude une honetan. Hauen atzetik daude 9 botorekin Kulunkari taldea eta 7 botorekin Carmen ala Frida. Norbanakoen kategorian, berriz, ILUMINATIAK taldeak jarraitzen du lehen postuan 11 botorekin eta atzetik ditu IRLI eta HAMELE, 10 eta 8 botorekin, hurrenez hurren.

"Sundoko ipuinak" literartur topaketak Eskoriatzan

Eskoriatzan, MONDRAGON UNIBERTSITATEKO Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Literatur Topaketa egingo da maiatzaren 13an, Sutondoko Ipuinak lelopean. Herri ipuinak eta mitologia hartuko ditu ardatz aurtengo edizioak. Horrekin, bertan irakasle ikasketak egiten ari direnak, hau da, etorkizuneko irakasleak, euskal kulturaren transmisioan eragile izan daitezen nahi dute antolatzaileek.

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·