Album mutua izango da Marraz(i)Oak V topaketen funtsa. “Baztertuak. Album mutuak sortzeko tailerra” lelopean egingo dira aurtengo Topaketak, Artelekun, irailaren 16tik 19ra. Ikastaroa Galtzagorri Elkarteak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, bosgarren urtez jarraian, eta Euskal Herriko irudigileei zuzenduta dago. Aurten Harkaitz Cano idazle eta gidoigilea eta Ignasi Blanch ilustratzaile eta ilustrazio irakaslea jardungo dira irakasle lanetan. Ikastaroa doan jasoko dute aurrez epai-mahai batek hautatutako zortzi ilustratzaileek.
Argitaratu da SM Fundazioak, 2004. urtea ezkero, Haur eta Gazte Literaturari eskaintzen dion urtekaria.
Liburu honek sektorearen datu esanguratsuenak jasotzen ditu, Espainia eta Iberoamerika mailan: informazio estatistikoa, joerak, urteko liburu arrakastatsuenak, eta, oro har, HGLaren mundua sakonki aztertzeko beharrezko giltzarriak.
Urtero legez, Xabier Etxaniz Erle irakasle eta idazleak izan du Euskal HGLaren egoera aztertzeko ardura.
PDFan jaisteko aukera hemen.
Gaur, martxoak 20, eguerdiko 12:00etan, Liburu Gaztea booktrailer lehiaketan bozketarekin hasteko aukera irekiko dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin Galtzagorri elkarteak ikasturte honetan abiatu duten Liburu Gaztea booktrailer lehiaketan ia 200 booktrailer jaso ditugu guztira, 180tik gora ikastetxeen kategorian eta 15 norbanakoen kategorian.
Arrakasta itzela izan du beraz booktrailer lehiaketaren lehenengo edizioak. Parte-hartzaile guztiei, ikasle, irakasle nahiz interesa agertu duzuenoi eskerrak eman nahi dizkizue Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak. Bozketa egiteko epea maiatzaren 15eko arratsaldeko 15:00ak arte dago zabalik. Bozka egiten dutenen artean e-irakurgailu bat zozkatuko da.
“Kontuari Kontu”k Itziar Zubizarretak zuzendu eta moldatu duen euskal tradiziozko ipuin bilduma bati eta hari lotuta sortu den jolas literarioari ematen dio izena.
2012ko ekainean Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari esker sortu ziren bai ipuin bilduma bai hari lotuta ipuin jolasa ere. 2012ko uztaila eta abuztuan zehar izan zen ikusgai "Kontuari Kontu" Koldo Mitxelena Kulturunean, eta bertara Donostiako hainbat haur talde hurbildu ziren ipuin tradizionalak oinarri hartuta jolas egitera.
Martxoaren 11tik maiatzaren 10era arte Gipuzkoako beste sei herrietako liburutegietan izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendaritza Nagusiari esker. Hain zuzen ere, hauxe izango da bere ibilbidea: Tolosa, Errenteria, Eskoriatza, Hernani, Mutriku eta Zaldibi. Horietako bakoitzean 7,8, 9 urteko haurren taldeek saio gidatuak egiteko aukera dute.
Galtzagorri Elkarteak eta Donostia Kulturak elkarlanean 2012ko urrian martxan jarri zuten Ilustratzaileen Txokoak aurrera darrai. Aieteko Kultur Etxetik dagoeneko Iban Barrenetxearen lanak pasa dira. Orain Eider Eibarrenak daude ikusgai. Eta maitzetik irailera arte Elena Odriozolaren txanda izango da.
Donostia Kulturak egitasmoaren azalpena eta ilustratzaileen hitzak jasotzen dituen bideo bat prestatu du.
Ilustratzailearen Txokoa (Aiete Kultur Etxea) from Donostia Kultura on Vimeo.
Apirilaren 2an HAUR LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA ospatzen da mundu guztian Hans Christian Andersen-en jaiotza oroitzeko. OEPLIk (Haur Liburuarentzako Espainiako Erakundeak), bere lau atalekin batera –Galtzagorri Elkartea, Haur eta Gazte Liburuaren Kontseilu Orokorra, Consell Catalá del Llibre per a Infants i Joves (ClijCAT) eta Asociación Galega do Libro Infantil e Xuvenil (Galix)–, urtero legez, ahalik eta herri gehienetan ospatuko du egun hori. Euskal Herriko 10 liburutegitan ekintza ezberdinak burutuko dituzte Nazioarteko Egun hau ospatzeko.
Ospakizun honetarako, gainera, IBBYren atal batek kartela eta mezua burutzen du urtero. 2013an, IBBYren Ipar Amerikako Sekzioak izan du lan honen ardura. Afitxa hori OEPLIren web gunetik jaitsi dezakezue, erresoluzio handian.
Dokumentazio Gunea izeneko atal berri bat jarri du martxan Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak www.galtzagorri.org-en. Bertan, euskarazko Haur eta Gazte Literaturan argitaratzen diren liburuen inguruan prentsan egiten diren kritika literarioak hilez hil biltzeaz gain, Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren liburuen giden bilduma eta Haur eta Gazte Literaturaren inguruko Bibliografia jasotzen da. Horrez gain, Haur eta Gazte Literaturaren inguruko aldizkarien mailegu zerbitzua bideratzen jarraituko du Galtzagorrik bere web orrialdetik.
20 booktrailer aurkeztu dira dagoeneko Galtzagorri elkarteak antolatzen duen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duen Liburu Gaztea booktrailer lehiaketara. Horietatik 17, Gipuzkoako ikastetxeetako DBHko gazteek igorritakoak dira. Gipuzkoako 22 ikastetxek eman zuten izena lehiaketan eta hauetako gehienetan formazio saioak eskaini ditugu.
Beste 3ak norbanakoek egindakoak dira. Izan ere, Liburu Gaztea lehiaketan parte hartzeko bi era daude orain: ikastetxearen izenean edo norberak, bere kasa. Martxoaren 15era arte dago parte hartzeko aukera, beraz, animatu eta igo zure booktrailerra.
Astrid Lindgren Memorial Award izeneko saria jaso duten 12 libururen irakurketa gidak argitaratu dituzte. Gidak sari honetako epaimahaikideek egindakoak dira, alegia, Haur eta Gazte Literaturako adituek. Sari honen zuzendari Helen Sigeland-ek adierazi duenez, Astrid Lindgren sariak ez dira sari-emate hutsera mugatzen, irakurketa sustatzeko etengabe lanean ari den egitasmoa da. Horren adibide dira sarean dohainik eskura daitekeen gida sorta hau.
Haur eta Gazte Literaturaren Behatokia zabaldu du Atrapavientos elkarteak Zaragozan. Las Armas Arte eta Musika Zentruan du egoitza eta bertan haur eta gazteen literaturaren egoera eta bilakaera aztertzeaz gain, sormen eta kultur estrategia berriak garatuko dituzte. Guraso nahiz haurrentzako idazketa tailerrak, literatura tailerrak, liburu digitalen sorkuntza ikastaroak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta beste hainbat ekimen eta jarduera antolatu dituzte 2013rako.
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·