Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Klis-klasikoak liburu sortako lehen liburuen aurkezpena

2011-11-30

Lehen ‘Abrite portas, klis-klas!’ esan, eta lapurren haitzuloko atea irekitzen zen, iraganeko altxor preziatuak. Orain ‘Abrite portas, klis-klas!’ esan, eta etorkizuneko altxorrak zabalduko zaizkizu, euskaraz nahiz munduko edozein hizkuntzatan sortutako liburuak: KLIS-KLASIKOAK!

Lelo horrekin zabaltzen dira Klis-klasikoak bildumako lehen liburuak eta lelo bera izango dute aurrerantzean Klis-klasikoak sorta osatuko duten liburuek ere. Testuak aurreratzen duen bezala, haur eta gazte literaturako lan klasikoetarako sarbidea izan nahi du Klis-klasikoak bildumak; hots, 4 eta 16 urte bitarteko irakurleei (ez haiei bakarrik, baina bereziki haiei) euskarazko literatur obra kanonikoak eskueran jartzea zein beste hizkuntzetako klasikoen itzulpen egokiak eskaintzea du xede nagusi.

Galtzagorri Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan, sortu du bilduma hau. Dagoeneko kalean dira sail honetako lehen lau liburuak. Klasiko unibertsal bat eta hiru berrargitalpen: Pinotxoren abenturak (Carlo Collodi, Jokin Mitxelena), Txan Fantasma (Mariasun Landa, Jon Zabaleta), Maria Goikoak Batbirulau (Anjel Lertxundi, Antton Olariaga) eta Indianoa (Gregorio Muro, Francisco Fructuoso).

Pinotxoren abenturak, Maria Goikoak Batbirulau eta Indianoa Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeek elkarlanean argitaratu dituzte. Txan Fantasma, berriz, Elkarrek berrargitaratu du.

Klis-klasikoak liburu sortaren helburua haur eta gazteek autore klasiko unibertsalak nahiz euskal autore ezinbestekoak euskaraz irakurtzeko aukera izan dezaten bermatzea da. Haur eta Gazte Literaturako obra kanonikoak euren eskura euskaraz jartzea. Modu honetan, curriculum literarioa euskaraz osatuz.

Euskarazko irakurzaletasuna sustatzekeo kalitatezko liburuak

Euskarazko eta haur eta gazte literaturako liburu klasikoak berrargitaratzeaz gain, literatura unibertsalean klasikoak diren eta euskaraz oraindik modu duinean ez ditugun liburuak kaleratu nahi dira Klis-Klasikoak sortaren baitan. Izan ere, Galtzagorri Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren iritziz, euskarazko irakurtzeko zaletasuna sustatzeko ezinbestekoa da euskarazko kalitatezko liburuak eskaintzea.

Begoña Muruaga Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak liburuen aurkezpenean aditzera eman zuenez, "Haur eta Gazte-literaturan mundu-mailan ezinbestekoak diren lanak falta zaizkigu, hortaz, euskaraz; hain zuzen, hori ekiditeko, aurkezten ari garen bilduma sortu da. Haur eta gazteen adin-tarte guztiak hartzen dituen bilduma: 4-8, 9-12 eta 12-16 urte arteko gazteei begira antolatutakoa".

Liburu horietan hainbat egilek, idazlek, itzultzailek eta ilustratzailek hartu dute parte: Mariasun Landa, Jokin Mitxelena, Gregorio Muro, Anjel Lertxundi, Koldo Biguri, Garazi Goikoetxea, Antton Olariaga, Jon Zabaleta eta Francisco Fructuosok, besteak beste.

Liburu hauen hautaketa eta prestaketa lanetan Haur eta Gazte Literaturako profesional ezberdinek osatzen duten batzorde bat aritu da. Asun Agiriano bibliotekariak, Ibon Egaña literatur kritikari eta unibertsitateko irakasleak, Dani Maiz ilustratzaileak, Inazio Mujika argitaldariak, Itziar Zubizarreta idazle eta irakurzaletasuna sustatzen adituak eta Patxi Zubizarreta idazleak hartu dute parte hain zuen ere aipatu batzordean.

Liburu guztien diseinu-zuzendaritza, berriz, Antton Olariaga eta Elena Odriozolaren esku geratu da. Eta lan honetarako Concetta Probanza ilustratzailearen kolaborazioa ere izan dute. Liburu guztien zuzenketa lanak berriz, Mitxel Muruak gauzatu ditu.

Dagoeneko, lau liburu hauek aurkeztu dira, baina datozen urteotarako proiektu honek jarraipena izango duela aitortu dute bi erakundeek eta, hala, 2012. urtean ere liburu gehiagok argia ikusiko dute. Klis-Klasikoak bilduma honekin Galtzagorrik eta Eusko Jaurlaritzak bat egiten dute honako bi helburu hauetan: bata, euskarazko haur eta gazte literatura sustatzea, eta bestea, euskarazko irakurzaletasuna piztea haur eta gazteen artean.

 

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·