Galtzagorri Elkartearen webgunea

Idazle gaztea atalera sarbidea
Bularretik Mintzora

Elkartea

Galtzagorri Elkartea 1990ean sortu zen. Bi helburu nagusi dituela esan genezake: haur eta gazteen irakurzaletasuna bultzatzea eta euskarazko haur eta gazte literatura sustatu eta ezagutaraztea. Elkartean, hortaz, literaturgintza mota horrekin harremana duen edonork har dezake parte: idazle eta ilustratzaileek, ipuin kontalariek, irakasleek, bibliotekariek, itzultzaileek, liburu saltzaileek,... haur eta gazte literaturzale den edonork.

 

Guztiarekin, ez dira hor agortzen Galtzagorri Elkartearen jarduerak, jakina denez, OEPLI erakundean (Organización Española para el libro infantil y juvenil) euskal ordezkaritza bere gain hartzen baitu. Hau dela eta, Espainia mailan antolatzen diren lehiaketetan (Lazarillo sarietan, dela Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionalean) euskal hautagaiak proposatzen ditugu. Horrekin batera, nazioartean haur eta gazte literaturan entzute handiena duen IBBY erakundeak kaleratzen duen Ohorezko Zerrendarako nahiz Andersen sarietarako ere euskal idazle/ilustratzaile/itzultzaileak proposatzen ditu Galtzagorrik.

 

Urteetako ibilbidean hainbat ekimen finkatu dira Galtzagorriren jardunean. Horregatik, Galtzagorrik urtero hainbat egitasmo antolatu eta sortzen ditu, hala nola areto literarioak, irakurketa mintegia, HGLaren inguruko ikastaro eta topaketak eta irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoak. Azken hauen artean urtero burutzen diren hauexek leudeke:

 

     - Liburu Gaztea: DBHko ikasleei zuzenduriko Literatur Lehiaketa.

    - Liburuen Altxorra/Liburu Ibiltariak: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen      geletatik etengabe bidaiatzen dabilen liburu mailegu zerbitzu berezia.

     - Idazle Gaztea: DBHko ikasleei bideratutako narrazio eta poesia lehiaketa.

 

Argitalpenei dagokionez, Galtzagorrik urtean bitan argitaratzen du Behinola, Haur eta Gazte Literaturari eskainitako euskarazko aldizkari bakarra. Bertan, artikulu eta erreportajeetaz gain, liburuen iruzkin literarioak biltzen dira. Bestalde, Galtzagorrik Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Idazleen Katalogoa du plazaratuta.

 

Haurrentzako produktuen artean, urtero irakurketa agenda bat burutzen du non ilustratzaile ezberdinen marrazkiak agertzen diren urtero; egutegi literarioak ere sortu ditu Bizkaiko hainbat Udalekin lankidetzan. Eta azken urteetan sortutako areto literarioekin batera haur poesia biltzen duen CDa eta ikus-entzunezko bi material ere sortu ditu: Jonasen beldurra eta Animaliek hizketan zekiten garaian izeneko DVDak.


Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·