Saio hauetan, gurasoek eta haurrek ekimen batzuk burutzen dituzte elkarrekin. Hala nola, irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak, irakurritako liburuei buruzko komentario eta gomendioak, eta hainbat ekimen lasai liburuak ezagutuz gozatzeko eta idatzizko literaturaren curriculum bat pixkanaka osatzen hasteko.
Saioen zikloak
Guztira, 12 saio sortu ditu Galtzagorrik Irakurketa Klubetan garatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari esker. 9 saio garatu daitezke 3 eta 5 urte bitarteko haur eta gurasoekin eta beste 3 saio daude prestatuta 6 eta 7 urte bitarteko haurrekin eta euren gurasoekin lantzeko. Talde bakoitzean gehienez 20 haurrek parte hartu ahal dute.
Saio bakoitzak ordu eta erdi inguru irauten du eta hilean behin garatzen da herri bakoitzeko liburutegian. 2009-2010. ikasturtean zehar, honako herrietan ari dira garatzen Irakurketa Klubak:
Zarautzen urriaren 23an, azaroaren 20an, abenduaren 11n, urtarrilaren 22an, otsailaren 19an eta martxoaren 12an egingo dira saioak arratsaldeko 17:30etan.
Iurretan urriaren 16an, azaroaren 20an, abenduaren 18an, urtarrilaren 29an, otsailaren 26an, martxoaren 26an, apirilaren 30ean eta maiatzaren 21ean arratsaldeko 17:30etan burutuko dira saioak.
Amurrion hiru saio burutuko dituzte ikasturte honetan: azaroaren 6an, abenduaren 4an eta urtarrilaren 15ean. Guztietan arratsaldeko 17:30etan hasiko dira saioak.
Ermuan berriz, urrian hasi eta abendura arte egin dira dagoeneko hiru saio, guztiak larunbat goizez.
Oñatin, abenduaren 16an hasi ziren lehenengo saioarekin eta beste biak urtarrilaren 13an eta otsailaren 17an egingo dira.
Bilbon, azkenik, Begoñako Haur Liburutegian egiten ari dira saioak azarotik. Azken saioa, urtarrilaren 16an izango delarik, eguerdiko 12:00etan.
Literaturaren sorpresak
Sorpresentzako lekua ere badago saio bakoitzean, izan ere, ikuskizun xume eta motibagarri batez ematen zaie bukaera Irakurketa Kluben saioei. Horretarako, saio batzuen bukaeran marrazki bizidunen ikuskizunaz gozatu ahal dute haurrek, beste batzuetan Itzal Txineskoekin prestatutakoa eskainiko zaie eta beste zenbaitetan antzezlanak egingo dituzte.
Helburuak
Honakoak dira egitasmo berezi honekin, besteak beste, lortu nahi ditugun helburuak:
-Irakurketa sustatu
-Kalitatezko euskal bibliografia ezagutu
-Guraso/hezitzaile eta haurraren arteko irakurketa giroa sortu
-Guraso/hezitzaileak ozenki irakurtzen trebatu
-Haurrek giro lasai batean gozatu dezaten lortu