Aurreko azaro eta abenduan jasotako Hasierako Ebaluazioaren datuak dagoeneko prozesatuta daude, Amurrio, Ermua, Iurreta, Oñati eta Tolosari dagokienez. Informe osoa.
Ebaluazio honen helburua BM egitasmoaren abiapuntua zehaztea da, hau da, guraso eta irakasleen joera eta ohiturak ezagutzea BM egitasmoa herri batean ezartzen denean: irakurzaletasuna lantzerakoan, haur literaturari buruzko ezaguera mailaren inguruan, egitasmoarekiko itxaropenaz…
Aipatutako bost herrietako erantzunak orokorrean aztertuta, datu esanguratsuenen artean erantzunen kopurua azpimarratzen dugu:
Gurasoek:
1.138 erantzun % 51,5
Irakasleek:
110 erantzun % 81,5
Talde bietan, erantzun maila nabarmena lortu dela azpimarratu nahi dugu, kontuan izan behar baita, gurasoen kasuan batez ere, borondatezko ekintza batez ari garela.
Orain, galdekizunetan jasotako datu guztiak prozesatzen ari dira, eta emaitza zehatzak epe laburrean eskainiko dira, herriz-herri antolatuta.
Galtzagorri Elkarteak eta Bularretik Mintzora egitasmoko lan-taldeak, partehartzaile guztiei beraien jarrera eskertzea besterik ez zaigu gelditzen, egitasmoa aurrera eramaten eman diguten laguntzagatik.
Arabako Foru Aldundia eta Haur Eskola Partzuergoaren eskutik, 2009-10 ikasturtean zehar, Arabako 5 herritan, Itziar Zubizarreta idazleak ikastaroak burutuko ditu. Helburua Zubizarreta berak zuzendu, Elena Odriozolak ilustratu eta Aurélio Edler Copések musikatutako “Bularretik Mintzora” liburu-diskoa nola erabili adieraztea da: haurrei nola irakurri, kontatu, jolastu, eta guzti horretarako gune aproposen sorrera.
Ikastaroek bina orduko bi saioz osatuak izango dira, hurrengo herrietan:
Gasteiz (bi ikastaro) 2009ko azaro eta 2001ko urtarrilean Laguardia 2010ko otsailean Agurain 2010ko martxoan Laudio 2010ko apirilean Zuia 2010ko maiatzean
Agindutako moduan, Bularretik Mintzora Webgunean Guraso eta Irakasleentzako Bibliografia Dibulgatiboak eskuragai jarri ditugu. Kontsultarako bideak hauek dituzue:
Gaur, sarean dauden hainbat gune interesgarritan igeritan, bi esperientzia ezberdin azaldu dira. Behar bada zerbait ikas dezakegu, nork jakin…
El pozo de los tres deseos liburutegi galegoan haurtxoendako tailer bat antolatu dute. Iria Prego irakaslearen hitzetan asmoa “zentzumenak estimulatu, zuzeneko esperimentazioa ezagutu, aurkikuntzarako aukera ezberdinak eskaini eta koloreek, formek, zaporeek eta testurek eskeintzen dituzten sensazio ezberdinak ezagutaraztea da.”
Bestetik, Kolonbia aldetik berri bat: Frisby, “fast food” jatetxe kateak eta Panamericana argitaletxeak akordio bat sinatu dute. Honen bidez, jatetxeetan, haur menuarekin, ohiko diren jostailutxoak oparitu beharrean, liburu bat oparituko dute.
Anthony Browne idazle eta irudigilea, Children’s Laureate 2009-2011 izendatua izan da. Sari hau bi urtean behin eskeintzen zaio HGL idazle edo irudigile bati, bere lana goraipatzeko.
Epaimahaikideek, bibliotekari, liburusaltzaile, kritikari, idazle, bitartekari eta IBBY-k egindako izendapen zerrendetan oinarrituz aukeratzen dute saritua. Gainera, umeek ere Children’s Laureate-k duen web orrian bozka egiteko aukera dute.
Irakurketaren tresna garrantzitsua izaki, hizkiak ere ekarriko ditugu gurera.
Marion Batailleren lan bat mugimenduan ikusteko aukera dugu oraingo honetan, Kókinos-ek argitaratua . Gozatu alfabetoaz!
Alhondigak Bilboan 2008ko urrian antolatutako “Familia eta bat gehiago: irakurketa etxean” jardunaldien barruan egindako elkarrizketatxo baten, irakurketaren prozesuan bitartekariek duten garrantziaz hitzegiten digu Itziar Zubizarretak.
Azkenean lortu dugu Bularretik Mintzora egitasmoaren web gunea eta horrekin batera bloga martxan jartzea. Ilusio handiz abiatzen den leihoa da hau, izan ere Bularretik Mintzorak ez zuen aurrera egingo zuon guztion laguntzarik gabe. Eta beraz, uste dugu, blog hau gure arteko komunikazio zubi primerakoa izango dela egitasmoarekin aurrera indarrez jarraitzeko.
Bularretik Mintzora Galtzagorri, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzua eta zuon, bibliotekarion lanari esker dago martxan 2007. urtetik. Horregatik eta aurrera jarrai dezan, maiatzetik aurrera aukera izango duzue zuen iritziak hementxe plazaratzeko. Edozein balorazio, proposamen, galdera edo iruzkin ongietorriak izango dira beraz. Modu horretan lortuko baitugu soilik proiektu honek aurrera egitea.
Maiatzean bertan izango duzue bakoitzak zuen pasahitza eta erabiltzaile kodea. Laster batean beraz, emailez jasoko duzue.