Galtzagorri Elkartearen webgunea

Idazle gaztea atalera sarbidea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Albisteak

Bularretik Mintzora egitasmoak irakurzaletasuna sustatzen duela frogatu da

Bularretik Mintzora egitasmoak irakurtzeko zaletasuna sustatzen duela frogatzen duen txostena plazaratu du Galtzagorri Elkarteak. Hain zuzen, Galtzagorri Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin sortutako egitasmoa da Bularretik Mintzora. Txosten hori osatzeko, egitasmoa burutzen ari diren EAEko 12 herritatik 6tan azken hiru ikasturteetan egindako ekimenen eragina ebaluatu eta jaso da lehen aldiz. Jasotako emaitzak oso baikorrak dira, irakurtzeko zaletasuna neurtzeko balio duten hainbat adierazlek hobekuntza nabarmenak izan dituztela frogatzen baitu. Besteak beste, herri horietan liburutegietara joateko ohitura eta maiztasuna areagotu da, baita ipuinak edota haur kantak haurrei kontatu edo kantatzeko ohiturak ere.

Pello Aņorgari elkarrizketa egin diote Bularretik Mintzora egitasmoa dela eta

Arrasaten Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan egiten ari diren saioen inguruan elkarrizketa egin diote Pello Añorga kontalariari Arrasate Irratian. Bertan, Añorgak egitasmo horren baitan gurasoentzat ematen duen tailerraren inguruko azalpenak ematen ditu.

IBBYren 33. biltzarra Londonen

IBBYren 33. biltzarra datorren abuztuaren 23tik 26ra egingo da Londonen (Erresuma Batua), "Crossing Boundaries: Translations and Migration" lelopean. Hain zuzen, Britainia Handiko hiriburuaren izaera kulturanitza baliatu nahi izan dute antolatzaileek kulturen migrazioaren gaia lantzeko. Globalizazioa, testu elebidunak, kultur trukaketak eta itzulpengintzaren artea landuko ditu, haur literaturak esparru horietan guztietan zein bilakaera izaten duen aztertuz.

Leire Salaberria irudigilea Haur Liburuaren Boloniako Azokan izango da

Haur Liburuaren Boloniako 49 Azokan parte hartuko duten ilustratzaileen artean izango da aurten Leire Salaberria ilustratzaile gipuzkoarra. Azoka martxoaren 19tik 22ra egingo da Bolinian (Italia) bertan. Haurrei zuzendutako argitalpen eta multimedia industriaren arloan egiten den azokarik garrantzitsuenetarikoa da bera. Gainera, horren baitan antolatzen den ilustratzaileen erakusketan mundu mailan berritzaileenak diren ilustratzaileek hartzen dute parte.

Guk ere maite ditugu liburutegi publikoak

Liburutegien aurrekontuak murrizten ari dira, langileak azpikontratatu egiten dira, ordutegia murrizten ari dira askotan, irakurketa sustatzeko ekintzak egiteko ezintasuna nabaria da nonnahi. Esapinian, Madrilgo Udalak konponbide gisa herritarrei laguntza eta kolaborazioa eskatu die hiriko liburutegi eta gune kulturaletan bizilagunak bilduko dituzten etorkizuneko proiektuak martxan jartzeko. Horrez gain, liburutegietan eta kultur animazioko beste zentro batzuetan lan egingo luketen pertsonak hautatzeko prozesuan parte hartzeko ere eskatu die. Liburutegi zerbitzuak jasaten ari diren murrizketak salatzeko, "Yo AMO a las Bibliotecas Públicas" ekimena sortu dute. Talde honek irakurketa eta informazio zerbitzu publikoak gorde nahi ditu.

Marraz(i)Oak bloga sortu du Galtzagorrik

Marraz(i)Oak izeneko topaketei buruzko bloga sortu du Galtzagorri Elkarteak. Bertan irudigile eta idazleei zuzendutako egitasmo horren nondik norakoak, orain arte egin diren hiru edizioen inguruko informazioa, argazki eta bideoak, irakasleen inguruko informazioa eta parte hartzaileen zerrenda ikus daitezke.

youtu.be/SCJ_tdLC0NE

"Paperean hegan" DVDa sarean ikusteko aukera

Galtzagorri Elkarteak, Koldo Mitxelena Kulturunearen laguntzarekin, 2008an argitaratutako Paperean hegan ikusentzunezkoa, dagoeneko, sarean dago ikusgai. Euskal Haur eta Gazte Literaturaren panorama oso bat ematen du. Bertan, EHGLaren historiaren egile esanguratsuenen 13 testu hautatu dira; bestalde, 13 testu hauek Euskal Haur eta Gazte Literaturako ilustratzaile nagusienen lanekin elkartu dira.

Elena Odriozolaren lanak Zarauzko Sanz Enean ikusgai

Zarauzko Sanz Enea erakusketa aretoan Elena Odriozola ilustratzailearen hainbat margolanekin erakusketa zabaldu dute. Martxoaren 18a arte egongo da ikusgai, egunero 18:00etatik 20:00etara.

Bereziak

Marraz(i)Oak bloga

Klis-Klasikoak liburu sorta

Behinola 24

"Haur eta Gazte Liburua Kultura Aniztasunean" liburua salgai

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·