Laboratorio de Escritura izeneko guneak liburu digitalak sortzen ikasteko on-line tailerra eskainiko du maiatzaren 23tik 24ra, 18:30etik 21:30era. Ikastaro honetan e-bookak editatzen ikasteaz gain, formatuak, egile eskubideak, prezioak eta liburu digitalak argitaratzeko beharrezko informazioa eskainiko du. Ikastaro honetan Amazon, sareko liburu-dendarik handiena, oso aintzat hartuko da, eta bertan argitaratzen diren formatu eta ereduak ere landuko dira.
Uztailaren 2tik 13ra egingo dira aurten irudigileei zuzendutako IlustraTour topaketak Valladoliden. Tailerrak eta Jardunaldiak egingo dira egun horietan, eta izen-ematea zabalik dago jada. Tailerretan eta Jardunaldietan (300€), bietan, edota bietakoren batean eman daiteke izena: tailerra (210€) edo Jardunaldiak (120€). Aurtengo topaketak Alexis Deacon, Sylvia van Omman eta Maurice van der Bij, Javier Sáez Castán, Isidro Ferrer, Benjamin Chaud eta Manuel Monroy profesionalek emango dituzte.
Iban Barrenetxearen "El Cuento del Carpintero" (A Buen Paso) liburua izan da 2011ko Libro Kirico Saria. Sari hori Club Kirico-ko bazkide diren 93 liburu-dendek ematen dute. Epai-mahaiak lanaren kalitatea, originaltasuna, umorea eta detailez betetako ilustrazioak azpimarratu ditu. Sari-banaketa maiatzaren 26an egingo da Madrilgo Haur Liburuaren Azokan.
Maiatzaren 1ean inauguratu zen Mollerussan XVIII. Kataluniako Haur eta Gazte Literatura Saloia eta Pello Añorga idazle eta kontalari euskaldunaren saioarekin hasi ziren azokako jarduerak. Añorgak literaturaz eta idazlearen lanaz jardun zuen 3. eta 4. mailako ikasleekin. Maiatzaren 11 arte egongo da zabalik 4.500 liburu biltzen dituen Haur eta Gazte Literatura azoka.
Maurice Sendak "Piztiak bizi diren lekuan" (Where the Wild Things Are, 1963) liburu ezagunaren egilea hil da maiatzaren 8an, 83 urte zituela. Sendak-ek desioa, askatasuna, amets debekatuak, amets gaiztoak eta iluntasuna bezalako gaiak landu zituen haur literaturan eta bere liburuek arrakasta handia lortu zuten arren, ez zen irakurle helduen artean beti onartua izan. Hala ere, Where the Wild Things Are liburua operara eta zinemara ere egokitua izan da.
EHU/UPVk antolatzen dituen Udako Ikastaroetan parte hartzeko bekak eskuratzeko aukera dago oraindik, epea luzatu baitute. Aurten, Galtzagorrirekin elkarlanean eta Itziar Zubizarretaren zuzendaritzapean, honako ikastaroa eskainiko da Udako Ikastaroen barruan: Irakurzaletasuna eta literatura: tradiziotik etorkizuneko leihora (M). Uztailaren 16tik 18ra egingo da ikastaro hori. Horrez gain, literaturaren inguruan Yolanda Arrietak Hik Hasiren Udako Topaketetan NitikGura idazkera sortzailea izeneko tailerra emango du uztailaren 3tik 5era. Bestalde, Eider Eibar eta Miriam Peña irudigileek Marrazki bidez kontatuko dizut ikastaroa emango dute UEUren Udako Ikastaroen baitan, ekainaren 28an eta 29an.
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·