Abuztuaren 9tik 23ra arte Galtzagorri Elkarteko bulegoa itxita egongo da. Oporrak hartuko ditugu, deskantsua hartu eta bueltan "pilak" kargatuta itzultzeko. Beharko dugu. Hurrengo ikasturtea, ikasturte potoloa, ekimenez betea izango baitugu. Besteak beste, Santiagoko IBBYko biltzarra dugu irailean, urrian Bilboko Alondegian gauzatuko diren "Istorio txikiak, mundu handiak. Haur eta Gazte Literatura ezagutuz" jardunaldietan parte hartuko dugu. Azaroan Marrazioak 2.a burutuko dugu, Ignasi Blanch eta Harkaitz Canoren laguntzaz.Tartean, urteroko ikastaroa prestatuko dugu, irakurketa klubak martxan jarri, Irakurketa mintegia bideratu, Bularretik Mintzorarekin jarraitu, Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak bideratu... eta beste zenbait proiektu ditugu esku artean. Pixkanaka ezagutzera emango ditugunak. Sorpresari ere lekua utzi behar zaio eta.
Dena den, ez gaitezen agobia oporretan joan baino lehen. Gu oporretan izango gara, baina liburuak ez doaz oporretan. Edo badoaz, baldin eta gurekin eramaten baditugu. Baina eurek ez dute oporrik hartzen, hor daude, beti ere guk irakurtzeko prest eta guk gure txikienei kontatu eta irakurtzeko prest. Segidan, udan irakurri dezakezuenaren inguruko zenbait pista. Gozatu!
Bigarren urtez burutuko dira Donostiako Artelekun Marraz(i)Oak Topaketak. Oraingoan autoedizio topaketak izango dira eta ilustratzaile eta idazleak bikoteka lanean jarriko dituzte. Topaketa hauek 2010eko azaroaren 4 eta 5ean burutuko dira eta guztira 10 lagun elkartuko dira bertan: 5 idazle eta 5 ilustratzaile, bikoteka. Parte hartzeko aukeratua den bikote bakoitzak Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch irakasleek gidaturik euskal ipuin tradizional baten egokitzapen bana burutuko du. Bi egunetako tailer honen ondoren, epe bat izango dute lana bukatzeko.
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·